XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) honek aurrikusten duenez, etorkizun hurbileko gatazka-iturri nagusia ez da funtsean ideologikoa edo ekonomikoa izango, kulturala baizik.

Estatuak izango dira gatazken aktore nagusiak, baina zibilizazio desberdinetan bilduko dira nazio horiek.

Zibilizazioa, pentsalari kontserbadore amerikar honentzat, kultura bereko pertsonen elkarketa handiena da.

Eta gaur egunean, zortzi zibilizazio omen daude: Mendebaldekoa, konfuziarra, japoniarra, islamikoa, hindua, eslavo-ortodoxoa, latinamerikarra eta, agian, afrikarra.

Oreka zaileko jokoa da zortzi mutur hauen artekoa, eta hortaz, Mendebaldeak, bere indar militar eta ekonomikoa gorde behar du, besteei aurre egiteko.

Zortzi zibilizazio horien identifikazioak ez du, agian, halako onarpen zabalegirik, baina bai behintzat, bertan izendatutako zibilizazio batek ustez dakarren arriskuak: islama da, une honetan, zibilizazio etsai arketipikoa.

Arrisku islamikoaren kontua ekintza armatu palestinarren eskutik hasi zen, eta Libia eta Iranen ostrazismo politikoarekin segitu zuen.

Islamismoaren satanizazioa areagotu egin da komunismoaren gainbeheratik hona, eta horrekin batera, islameko alderdirik triste eta integristenek ere abagunea aprobetxatu dute bitartean Afrika iparraldean eta beste toki batzuetan aurrera egiten saiatzeko.

Islamismoa atzerakoikeria eta basakeriarekin identifikatuta ageri da Mendebaldean, demokrazia eta askatasunarekin bat egin ezineko indartzat hartua dago.

Badaezpada edo, demokrazia eta askatasunarekin bat egiten ere ez zitzaion utzi Aljerian, eta horren ondorenak islamismoa satanizatzeko motiboak indartu ditu, ezin baitaiteke esan Aljeriako integristen metodoak miresteko modukoak direnik.

Europan bertan izan dugu ustezko zibilizazio-gatazka berri hauen adibiderik: Bosnia eta Txetxenia.

Bietan, Mendebaldeak kanpoko jarrera hartu du, funtsean Huntingtonen definizioei jarraituz (...)